EU | ES

Mantentze-lanen abangoardian

Teknologia eta berrikuntza batera doaz Metro Bilbaok bere ibilgailuak ondo kontserbatzearen alde egindako apustu irmoan. Trenak etengabe zaintzen eta monitorizatzen dira trenbidean instalatutako sistema eta ekipamenduen bidez (Way Sides izenez ezagutzen dira), eta, horri esker, aldez aurretik detektatzen dira anomaliak, egin beharreko doikuntzak egiteko. Horrek segurtasuna areagotzen du, eta asko aurrezten da kostuetan eta denboran. Mantentze-lan prediktiboa deitzen zaio horri. Eremu horretan, oraindik ere asko dago esploratu gabe eta gure enpresak modu proaktiboan jarduten du.

Erreiari atxikitako sentsore bakunen bidez, gurpil bakoitzaren karga-pisua erregistratzen da unitateak igarotzean. Pisatze dinamikoko sistema deitzen zaio horri. Neurketa orduko 65 kilometroko abiaduran egiten da. Horri esker, desorekak identifikatzen eta horien kausak zuzentzen dira, eta, hala, aurrea hartzen zaie sor litezkeen arazoei.

Metro Bilbao aitzindaria izan da trenbide-arloan pisatze-sistema dinamikoa txertatzeari dagokionez, eta pisatze estatikoaren osagarri teknologiko gisa hartzen da. 

Monitorizazio-sistemen beste adar handia Errodaduraren Kudeaketa Integralari dagokiona da. Lau ekipok osatzen dute, eta gurpilen egoera eta errodadura-profila monitorizatzen dituzte, beharrezkoak diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezartzeko, zirkulazioaren segurtasuna bermatzeko eta, finean, bidaiarien erosotasunari laguntzeko.

Unitateak monitorizatzeko sistemak koipe-kutxa beroen detektagailuarekin osatzen dira. Gailu horrek motorren tenperatura, akoplamenduak eta erreduktoreak neurtzen ditu, baita koipe-kutxak ere, gainberotze posibleak monitorizatzeko. 

Trenak eta trenbidea monitorizatzeko sistema horiek inplementatzeak unitateen fidagarritasuna eta zirkulazioaren segurtasuna areagotzea ekarri du, eta hori da, hain zuzen ere, Metro Bilbaoren lehentasunezko helburua.

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.